Iazko uztailaren 7 eta 8an, EHUko XXXV. Uda Ikastaroetan, Manuel Lezertua arartekoak honako ikastaro hau egin zuen:
“Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak”.
Arartekoak, pertsona guztien eskubideen defendatzailea denez, asilo eta babes eskubidea bultzatu nahi du ikastaro honen bitartez. Eskubide hori bermatzen dio Nazioarteko Zuzenbideak jazarpena pairatzen duen edonori, baldin eta, arrazoi horregatik, bere bizia edo osotasuna, edo bere familiarena, arriskuan badaude.
Azken hilabeteotan, bigarren mundu gerratik hona izan den asilo-eskaerarik jendetsuena eta handiena ikusten ari da Europa. Horrek inoiz izan ez diren erronkak sortzen ditu, aparteko egoeretan asilo eskubidea modu eragingarrian beteko dela bermatzeko. Ikastaro honetan aztertu eta eztabaidatu nahi zen zenbaterainokoak diren sortzen ari diren arazoak, eta zer-nolako erantzunak ematen ari diren (edo ematen ari ez diren) Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde.
Asilo eskubidearen norainokoa eta hori osatzen duten arauen interpretazioa ez datoz bat Europako estatuetako legerian eta jurisprudentzian. Gainera, eztabaida pizten ari da errefuxiatuak artatu eta babesteko zereginari buruz, estatuen artean desberdintasunak baitaude nazioarteko konpromisoak beren gain hartzeko orduan.
Jurista adituen mintzaldien bitartez, asilo eskubidearen edukia aztertu zen ikastaro honetan, bai ikuspegi teorikotik, bai eskubide hori arautu eta gauzatzearen ikuspegitik ere.
Orobat, ikastaroan gai hauek aztertu eta alderatu genituen: Europako Parlamentuak –Europako herritarren ordezkari gorena denez– zer ekimen abiarazi dituen, eta talde politikoek zer iritzi duten egungo egoeran asilo eskubidea baliatzeak sortu duen erronkari eman beharreko erantzunaz; gizaldeko erakundeek zer ikuspegi duten, zer neurri hartu dituzten edo zer ekimen bultzatu dituzten jazarpen-pairatzaileak babesteko eta haien sufrimendua arintzeko.
Horrekin batera, zuzen-zuzenean ezagutu nahi genuen errefuxiatuak hartzeko zer egitarau eta neurri zehatz onartu dituzten euskal administrazioek eta Euskadin kreditatuta dauden gizarte erakundeetakoren batek, haien arduradunen testigantzaren bidez.